2010/05/16

AHTa lehentasuna dela dio Blancok

Tren lasterreko lanek Nafarroa eta Gipuzkoan ez dutela atzerapenik izango uste dute Sanzek eta Arriolak

M. Peruarena.

Espainiako Sustapen ministro Jose Blancok zalantzak uxatu nahi izan ditu, eta zehaztu du AHT abiadura handiko trena Espainiako Gobernuarentzat lehentasuna dela. Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidenteak herenegun iragarri zituen murrizketek eragina dute Sustapen Ministerioan ere. 6.000 milioi euroko murrizketa egin behar du Ministerioak. Oraindik ez du erabaki zein egitasmotan egingo dituen murrizketak -heldu den asteazkenean emango ditu azalpenak Blancok-, baina aurreratu du «lurralde kohesioa» laguntzen duten proiektuak -AHTa eta salgaien tren bidezko garraioa- lehentasun izango direla.

Lehentasun gisa aipatu arren, bihar Palentziatik Kantabriarako AHTaren lehen trebesa jartzeko Sustapen Ministerioak egin behar zuen ekitaldia atzeratu egin da, eta murrizketek erabaki horretan eragina izan dutela onartu du Ministerioak. Kantabriako presidente Miguel Angel Revillak iragarri du PSOErekin duen gobernu ituna hautsiko duela AHT hori egiten ez bada.

Murrizketa hotsen artean, itxaropentsu agertu dira Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Herri Lan eta Garraio sailburua eta Miguel Sanz Nafarroako presidentea. AHTeko Gipuzkoako lanak Jaurlaritzaren esku daude, eta lan egutegian aldaketarik ez izatea espero du Arriolak, murrizketek ez dutela Gipuzkoako zatian eraginik izango, alegia. Bizkaiko eta Arabako AHTeko lanak sei hilabete eta urtebete artean atzera litezkeela adierazi du, ordea. Sanzek, berriz, oroitarazi du Nafarroak ituna sinatua duela Espainiako Gobernuarekin, eta ohartarazi du «errespetatu beharreko hitzarmena» dela. Zaragoza (Espainia) eta Tutera arteko zatiko lanak Espainiako Gobernuaren esku daude, ordea, eta murrizketek zati horretako lanak moteldu ditzaketela adierazi du Nafarroako presidenteak.

Salgaien garraiorako ituna

Bestalde, Algeposa taldeko Railsider Logistica Ferroviaria enpresarekin akordioa sinatu du Jaurlaritzak. Itunaren helburua da Euskotren eta FEVE Espainiako Trenbideen Enpresa Publikoaren trenbideetan salgaien garraioa handitzea, «euskal industria sarearen ahalmenak handitzeko». Salgaien trafikoa atzemateko «leku estrategikoetan», trenak kargatu eta husteko plataforma logistikoak egiteko asmoa jasotzen du itunak, eta lau urteko iraupena izango du.
Berriak argitaratua

No hay comentarios:

Publicar un comentario