2010/05/16

"Porlana ere krisian"

Jose Luis Rodriguez Zapaterok agindutako gastu murrizketak herritarrei nola eragingo dien jakina da: gastu soziala gutxituko da, pentsioak izoztu, soldatak murriztu, erretiroaren baldintzak zaildu... Zorrei aurre egiteko neurriak berdintsuak dira Espainian, Grezian, Portugalen eta AEBetan. Kapitalismoaren aldiroko krisien ondorioak zeintzuek jasaten dituzten gordinen jakina da. Horretan, beraz, harridurarik ez.

Baina, hara, gerrikoa estutzeko garaian, horretara oso ohituta ez dauden sektoreek ere egin beharko dute eurena oraingoan. Eta hori zen atzo politikarien hizketagai nagusia. Ez soldatak murriztuko dizkieten langileen egoera, ez pentsiodunen ataka. Bestelakoa zen mezua: murrizketak ez diezaiola eragin abiadura handiko trenari. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak antzeko adierazpenak egin zituzten horri buruz, Miguel Sanz eta Iñaki Arriolaren ahotik, hurrenez hurren. Espero dutela euren AHT zatiari ez eragitea murrizketak.

Baina ez da posible izango. Oraingoan ez. Espainiako Sustapen Ministerioak 6.000 milioi euro gutxitu beharko ditu gastuak aurten eta heldu den urtean. Nondik? Ikusiko da. Oraingoz, badirudi martxan diren proiektuak -Euskal Y-a kasu- urte erdi eta urtebete artean atzera daitezkeela. Martxan ez direnek zailago dutela iradoki daiteke. Eta hor, Miguel Sanzek egin du ohartarazpena: «Hitzarmen bat dago, eta bete egin behar da». Sanzek ez du baztertu, ordea, murrizketek bete-betean eragitea AHTaren nafar korridoreari.

Ze hitzarmen ugari daude, beteko ez direnak, besteak beste, sindikatuekin aurtengo soldatei buruz. Eta hori dena lehertu da.

Espainiako Eraikuntzaren Konfederazioa kexu agertu da neurriokin. Baina nola azaldu herritarrei murriztu behar direla oinarrizkotzat jotzen diren osasun, hezkuntza eta gizarte zerbitzuak, abiadura handiko trenaren inbertsioak ez badira ukitu behar?

Garbixeago dauka Pasaiako Portu Agintaritzak. Kanpoko portuaren proiektua bizpahiru urtez atzeratu beharko duela aitortu du, inbertsio murrizketaren ondorioz. Martxan dituen proiektuetan murrizketak nola egin asmatu ezinik badabil Sustapen Ministerioa, pentsa daiteke argiago eta errazago izango duela zer egin hasi ere ez dituenekin. Ahaztu daitezela haren diruekin denboraldi luze batean.
Iñaki Petxarroman Berrian

No hay comentarios:

Publicar un comentario