Gaur (Urtarrilak 17) urtebete oldartu zitzaion Ertzaintza AHTaren aurkako manifestazio jendetsuari. Urbinako istiluengatik auzipetuek uste dute mugimendua kriminalizatu nahi izan zutela. Aldarrikapen jendetsu eta koloretsua zena azken unean ilundu zen. Gaur urtebete, manifestazioa egin zuten ehunka lagunek Urbinan (Araba), AHT abiadura handiko trenaren aurka. Lanen artetik igaro zen martxa, eta ehunka lagun obretara hurbildu zirenez, oldartu egin zitzaien Ertzaintza, eta istilu larriak izan ziren. Zortzi lagun atxilotu zituzten, eta dozenaka zauritu.
Atxilotuen artean zen Julio Villanueva Itoitzekin Elkartasun taldeko kidea. Goizetik «Poliziaren kontrola oso nabarmena» zela gogoan du, baina manifestazioari normal-normal ekin ziotela dio. Manifestazioa eta ekitaldia bukatzean, lanen eremura hurbiltzen hasi ziren mila bat lagun, Villanueva tartean, «oinez, lasai-lasai, oso modu baketsuan». Ertzaintza, «ziztu bizian» iritsi, eta jendeari pilotak botatzen hasi zen. «Jendeak zioen hara iritsi behar genuela, desobedientzia baketsua egitera, probokazioei erantzun gabe, baina eutsiz». Lurrean eseri ziren batzuk, baina alde egin behar izan zuten beste askok, «ertzainen oldarraldiagatik».
Beste saio bat ere egin zuten; bigarrengoz, ertzainak «oso modu bortitzean» oldartu zitzaizkien. «Gogor egurtu gintuzten arren, batzuk saiatu ginen eusten». Borra kolpeak eta «bertatik bertara» botatako pilotenak jasan zituztela gogoan du. «Ez nintzen konturatu, baina alboko kide batek esan zidan nire buru gainean borra bat hautsi zutela, nik burua eskuekin babesten nuen bitartean».
Halakoen lekuko izan zen Justo Arriola. «Nekazariei ostutako lurrak berreskuratzeko ekintza sinbolikoan» parte hartzen ari zen hura ere.«Bortizki azaldu ziren, pilotak botaka, jendeari harriak botatzen ere ikusi nituen, eurak! Autoan abiadura bizian zebiltzan, egundokoko arriskua sortzen. Keinuka esaten nien abiadura jaisteko, baina kasurik ez. Salto egin zuen jendeak ez harrapatzeko», gehitu du, eta bera ere korrika atera zela. Ordea, Villanueva nola jotzen zuten ikusita, atzera hari laguntzera joan zen. «Euren ikurra ikutu genuen, eta ezin izan zuten onartu», dio Arriolak.
Biak atxilotu zituzten, eta ertzainen auto bati lotu. Haiengana jendea hurbiltzen zen bakoitzean, pilotak botatzen zituzten. «Pentsatu nola aritu ziren, une batean ia pilotarik gabe geratu zirela. Ertzain bati entzun nion: ?Eskatu errefortzuak, pilota gabe geratzen ari garela!?», dio Villanuevak.
Handik aurrerakoak irudi grabatuetan ikusi ditu Villanuevak. Urbinara joateko, Eibar-Gasteiz autobideko zubi baten azpitik pasatu behar zuela jendeak eta han zeuden ertzainen jarrera oso bortitza izan zuela dio. «Sagutegi hartan zeudenek sekulako bortizkeria jasan zuten. Sarraski bat izan zen». Istiluak inguru osora zabaldu zirela salatu du: Urbinan jendea jipoitu zutela, bolatokian, autobusetara joan zirela? batzuek mendira jo zuten babes bila, eta zenbait lagun erreka putzuetara bota zituzten, Villanuevak dioenez. «Basakeria izan zen». Arriolaren ustez, «argi dago erabateko eskua eman zietela jendea egurtzeko, zigor kolektibo moduan, jendea izutzeko». Polizia etxean jasotako tratua ere salatu du.
«Kriminalizazioa»
AHTaren aurkako manifestazio batean ordura arte izaniko istilu larrienak izan ziren Urbinakoak; Polizia ez zitzaion lehenago hain bortizki oldartu tren lasterraren aurkako halako protesta jendetsu bati. «Egin genuena oso modu baketsuan baina masiboan egin genuen. Oso ekintza sinbolikoa zen, baina sinbolismo hori oso mingarria zaie». Villanuevaren ustez, «goitik» jaso zuten hala jokatzeko agindua. «?Hau nola edo hala moztu behar da?, pentsatu zuten; prest zeuden edozein astakeria egiteko. Mugimenduaren kriminalizazioan beste katebegi bat izan zen halako erantzun gogorra». Espainiako Auzitegi Nazionalera bidali zuen auzia Ertzaintzak; hark uko egin zion bere gain hartzeari, ez zelako «terrorismo auzia». Madrilera bidali nahi izateak «nahitakotasun politiko handia» erakusten du, haren ustez. Hala uste du Arriolak ere: «Nola geratu AHTaren aurkako mugimendua? Jendea isilduz. Nola? Jendea kartzelatuz. Era baketsuan lurrean jarri eta terrorista gisa tratatzen zaituzte? ».
«Mugimendua kriminalizatzeko beste saio bat» izan zen, Onintze Oleaga atxilotuen abokatuaren ustez, «desobedientzia zibileko ekintzak ez-zilegitzat hartzeko ahalegina». Ordutik hainbat auzi bidali dituzte Madrilera, «baina ez dakit onartu dituzten». Zortzi atxilotuetako bi auzitik at utzi dituzte, eta beste bati hutsegitea ezarri diote. Beste bostak epaiketaren zain daude, besteak beste, «desordena publikoak» egotzita. Hiru urteko espetxe zigorrak hel litezke, baina halakorik ez gertatzea espero du abokatuak: «Garbi ikusi da atestatuak dioena ez dela benetan gertatu»
AHT Gelditu! Elkarlana
No hay comentarios:
Publicar un comentario