2010/01/19

Egun osoan «indar erakustaldia» egin nahi dute Hendaia eta Irunen artean larunbatean

Urtarrilaren 23an Hendaia eta Irun artean Euskal Herri osoa AHTren kontra elkartu nahi duen protesta ekimena antolatu dute CADE elkarteak eta AHT Gelditu! Elkarlanak. Italian, Estatu frantsesean eta espainolean abiadura handiko tren-egitasmoen kontra borrokan ari diren elkarteak ere Hendaiara inguratuko dira. Beren esperientziak partekatzeaz gain, mozio bateratu bat eratuko dute elkarteek, Europako erakundeetan aurkezteko.

Manifestazioa arratsaldeko lauretan abiatuko da Hendaiako geltokitik, baina egun osoko mobilizazio eguna izango da urtarrilaren 23a. Goizeko bederatzietatik aurrera, Ipar eta Hego Euskal Herriko bi elkarteek AHTren kontra borrokatzen diren beste hogei bat elkarterekin esperientziak partekatuko dituzte. Turineko No TAV, Poitierseko Réaction TGV, Andaluziako No al TAV edota Var-en ekintzak egiten dituzten taldeekin batera borrokarako bide ezberdinak aztertuko dituzte. Europa mailan eraginkortasun handiagoa izateko bidea zein den argitzen ere ahaleginduko dira. Talde horiek ere parte hartuko dute arratsaldeko manifestazioan.

Halako biltzar bat, eremu hain zabala hartzen duela, egiten den lehen aldia da, eta Europa mailan ondorio garrantzitsuak izan ditzakeela uste dute antolatzaileek. «Lehen elkargunea izanen da. Jadanik aurreikus daiteke, denen artean koordinatzea lortzen badugu, Europa mailako akzioak eginen ditugula», azaldu zuen Victor Pachon CADEko bozeramaileak.

AHT Gelditu Elkarlana taldeko Mikel Alvarezek estatuen «jarrera inposatzailea» salatu zuen, izan ere, gehiengo soziala egitasmoaren kontra egon arren, aurrera jarraitzen dute. Horren aurrean, Hendaiakoa «indar erakustaldia» izatea nahi dutela jakinarazi zuen Hego Euskal Herriko elkartearen bozeramaileak. Bidasoaren bi aldeetako taldeak inoiz baino elkartuago daudela nabarmendu zuten Albarezek eta Pachonek.

Goizeko batzarraren ondoren, Hendaiako merkatuan, hiriko Ikastolak taloak egingo ditu, eta Amets Arzallusen bertsoak eta txalaparta entzungo dira. Lauretan, aldiz, Bidasoaren bi aldeak elkartuko ditu manifestazioak. Hendaiako geltokian izango da hasiera, eta Irungo Kolon pasealekura heldutakoan, berriro Bidasoarantz abiatu, eta zubi zaharrean bukatuko da. Aldarrikapen eguna festa giroan finitzeko, zenbait kontzertu antolatu dituzte.

CADE kolektiboa osatzen duten elkarteetako bozeramaileek RFF Estatu frantseseko trenbideen kudeatzaileak emandako datuen faltsutasuna salatu dute. Urdazuri-Bidasoa elkarteko Pantxo Tellierik Bidasoaren bi aldeetako egitasmoen kontraesanak nabarmendu zituen, Hegoaldean bidaiarientzako azpiegitura sortzen ari diren bitartean, Iparraldean merkantzietarako omen da-eta. Azkaine eta Uztaritzeko taldeek herri guztiekiko elkartasuna adierazi zuten.

LAB sindikatuak borrokaren garrantzia nabarmendu du, trenbideen garapenean den kontraesanaz ohartaraziz. Arrazoi ekonomikoen aitzakian, zerbitzu eta azpiegiturak pribatizatzea salatu zuen sindikatuko Geronimo Prietok.

Manifestazio honetan parte hartzeko deia zabaldu dute trenbide berriaren kontra diren hiru herri-elkargoetako auzapezek, Berdeek eta Biharko Hendaiak

No hay comentarios:

Publicar un comentario