2009/12/09

Ehunka pertsona AHTren aurka




Ehunka pertsonak parte hartu zuten abenduaren 7an Durangon egindako manifestazioan. Amaieran Elkarlaneko kide batek testu hau irakurri zuen:

Arratsalde on,

Euskal Liburu eta Disko Azoka dugu egunotan Durangon. Kulturaren hiriburu bihurtzen zaigu herria urtero, eta kultura goraipatzen ibili zaizkigu egunotan politikari eta administrazioetako ordezkari asko. Hain zuzen ere, urte osoan AHTren eta beste hainbat proiektu txikitzaileren bidez gure kultura eta ohiturak suntsitzen ibiltzen direnek, kulturaren babesle izan nahi dute egunotan. Lotsa gutxi behar da gero kulturaz berba egiteko gure baserriak txikitzen dituzten bitartean. Baserriekin batera gure ohiturak eta hemengo betiko bizimodua, gure kultura, desagerraraziko dituzte, baina horretaz ez digute hitz egingo kultura aipatzen dutenean. Durangon dagoeneko bota digute baserri bat: Andalatorre, eta eskualdean beste asko arriskuan daude. Baina horien alde ez dute ezer egingo ez politikariek, ez erakundeek, ezta kultura zaintzeaz arduratzen diren beste elkarte ezagun batzuek ere.

Bestetik, obrak ziztu bizian egiten dabiltzan honetan, Udalatx mendia zulatzen hasi zaizkigu. Arrisku handia dago bertan dagoen ur guztia galtzeko eta handik edaten duten inguruetako herriak urik gabe geratzeko. Zoritxarrez dagoeneko hasi dira halakoak gertatzen, eta Ordiziako Zabalene baserrikoak aspaldi utzi zituzten urik gabe. Nortzuk izango dira hurrengoak? Arrasateko herritarrak? Elorriokoak? Eta orduan hasiko dira arduratzen agintariak, zereginik ez dagoenean! Baina, ze demontre uste dute gertatu daitekeela urez beteta dagoen mendi bat zulatzen badute? Konponbiderik ez dagoenean negarrez agertuko zaizkigun politikari ustel horiei argi utzi behar diegu gaurtik, egiten ari direnak ez daukala inolako zentzurik eta sarraski ekologiko handia eragin dezaketela eta eragiten hasi direla.

Baina AHTk sortuko duen sarraskia ez da ekologikoa bakarrik, ekonomian eta gizartean ere kalte handiak ekarriko ditu eta. Krisia gora eta behera dabiltza egun osoan politikari eta agintari guztiak, eta horren aurrean AHT eta antzerakoak konponbidea direla esaten digute. Noiztik da konponbidea behar ez dugun zerbaitetan 10 mila milioi euro gastatzea jendea langabezian dagoen bitartean? Gizarte honetan hori baino askoz beharrizan handiagoak dauzkagu! Azken egunotan krisia amaitzen hasita dagoela esaten hasi dira. Baina ez dira konturatzen krisian dagoena eurek bultzatzen duten gizarte-eredua dela? Eta eredu hori aldatzen ez den bitartean gizartea beti egongo da krisian. Pertsonon neurrira eraikitzen ez den gizartea beti egongo da krisian!

Horren aurrean, AHTren aurkako mugimendutik kalera irteten jarraitzeko deia egiten dizuegu. Obrak hasita daude, bai, baina oraindik erokeria hau gelditu dezakegu! Geure esku dago! Errepresioaren bidez erantzuten digute eta ez dira ausartzen guk ematen ditugun arrazoiak eztabaidatzen. Inoiz ez dira edukietan sartzen badakitelako ez daukatela esateko ezer. Baina guk argi dugu zein den bidea, eta horretan jarraituko dugu: arrazoiak ematen, kalean egoten eta desobedientzia zibilaren bidez trena geratzen. Atzo bertan egin zen azken ekintza Durangon. Orain dela aste batzuk jendea zuhaitzetan igota egon zen Legorretan eta Galdakaon. Hori da gure bidea. Gure babesik handiena desobedientzialari horiei guztiei! Eta jakin dezala gizarteak bide horretatik jarraituko dugula, arrazoia dugulako eta trena gelditu behar dugulako.

Argi izan behar dugu gainera, AHT ez dela politikari diruzale pare bati bat-batean bururatutako erokeria. AHT gizarte eredu oso baten beste adibide bat baino ez da; gaur egungo gizarte antolakuntza mantendu nahi duen eredua. Eta eredu horrek ez gaitu gu kontuan hartzen, ez dago pertsonontzat eginda. Beraz, egin dezagun borroka AHTren aurka, bai, eta gogoratu dezagun gure borrokaren oinarria gizartea aldatzea dela. Horregatik, gure lurra txikitu eta gure etorkizuna kolokan jartzen duten proiektu desarrollista guztien aurka…

…Agoitz, Irunberri, Zangoza eta beste herrietako bizilagunen alde: borrokan Itoitz hustu arte!

…Muskizko herritarren osasunaren alde: coke plantarik ez!

…Jaizkibel biziaren alde: Pasaiako superporturik ez!

…Hondakinak etxez etxe batzearen alde: errauskailurik ez!

…Betiko Urdaibai naturalaren alde: Guggenheim berririk ez!

Egin dezagun lan bestelako gizartea sortzeko!

Azkenik, gogoratu borrokak aurrera jarraitzen duela herri eta eskualde guztietan eta denon parte-hartzea behar dela. Erakutsi diezaiegun ez dugula nahi eta ez dugula behar. Herriz herri antolatzen diren protestez gain, hurrengo deialdi nazionala urtarrilaren 23an izango da. Manifestazioa egingo dugu Irun eta Hendaia artean: ez dugulako nahi ez euskal y grekorik, ez nafar korridorerik, ez Lapurdiko AHTrik! Hantxe elkartuko gara, eta bitartean, jarraitu bakoitzak ahal duen neurrian, hau geratzea denon esku dago eta! Gogor egin!

1 comentario:

  1. aupa, visitando indymierda.blogspot os podreis informar sobre las siguientes movilizaciones en Goierri y Tolosaldea

    ResponderEliminar