2011/06/01

AHTa "gaurkotasun politikora" ekartzeko deia egin du Elkarlanak


AHT Gelditu! Elkarlanak gutuna bidali die Bildu, Aralar, NaBai eta Ezkerrari Abiadura Handiko Trenaren (AHT) gaia "bigarren mailatik" berriz ere "gaurkotasun politikora" ekartzeko deia luzatuz. Azpiegitura horren aurkako borrokak "indarra murriztu" duela "ukaezina" dela azaldu du Mila Elorza AHT Gelditu! Elkarlanako bozeramaileak, baina oraindik bada itxaropenerako tarterik mugimenduaren ustez.

Elorzak nabarmendu duenez obrak "motel" doaz aurrera, hiriburuetako sarrerak zehazteke daude eta obrak ofizialki inauguratu dituzten zenbait zatitan ez dira hasi lanean. Nafarroan egin dituzte lehenengo desjabetzeak, lanak udan hasteko: "Lurjabe gehienek ez dakite proiektuaren berri, eta defentsa gabe daude", esan du Elorzak. Iparraldean ere eztabaida oraindik puri-purian dagoela gogorarazi du.

Kezka azaldu dute Elkarlaneko kideek, "AHTk gizarte politiketan eta ingurumenean dakartzan ondorioak oso larriak izan arren, proiektua gelditzearen aldeko borroka bigarren mailan geratu delako". Baina "oraindik badugu aukera AHTaren erabilgarritasunaren inguruko eztabaida berpizteko", Elorzaren hitzetan. Proiektuaren aurka indarrak biltzeko aukera dagoela azpimarratu eta "AHTaren aurkako gehiengo sozial bat" badagoela gaineratu du. Horregatik jo dute hain zuzen ere alderdi horiengana. Izan ere, Elorzak onartu du AHT diputazioetatik eta udaletatik ezingo dela geratu, baina "herritarren aktiobazioari begira", garrantzitsua dela udalen jarrera.

Indarrak biltzeko lehen aukera ekainaren 11n izango da Arrasaten. AHTaren aurkako manifestazio nazionala deitu du Elkarlanak Trena geratzeko arrazoiak baditugu. AHT gelditzera goaz! lelopean.

Bitartean, atzo Zizurkilen (Gipuzkoa), zenbait baserritarrek ez zituzten sinatu lurren desjabetze aktak.(Argia)

No hay comentarios:

Publicar un comentario