2010/02/03

Inkomunikatuta Cuatrovientos baserrian


Arrasate eta Aramaio bitarteko errepidea itxita dago Untzillako bidegurutzearen parean eta horrela jarraituko du gutxienez beste aste batez. Aramaioko alkatea Arabako Diputazioko errepideetako arduradunekin eta Abiadura Handiko Trenaren lanen arduradunekin bildu da gaur goizean. Bilera horretan erabaki dute Arrasate eta Aramaio bitarteko errepidea aste batez itxita mantentzea. "Cuatrovientos baserriko bizilagunei irtenbide bat aurkitzea da gure lehentasuna eta horixe bera azaldu dugu gaur goizean egindako bileran. Abiadura Handiko Trenaren lanetako arduradunek lehenbailehen behin-behineko errepide bat egiteko konpromisoa hartu dute", azaldu du Asier Agirre alkateak.


Arrasate eta Aramaio bitarteko errepidea itxita egonda, zirkulazioa Untzillatik eta Zabolatik bideratuko da. "Untzillako bidea izango da gure alternatiba orain, baina errepide horretan hainbat hobekuntza egin beharko dira zirkulazio handia jaso beharko du-eta", dio Agirrek. Horixe izan da, hain justu, trenaren lanen arduradunek hartu duten beste konpromisoa.


Kontuak kontu, Cuatrovientos baserriko bizilagunek inkomunikatuta jarraitzen dute eta espero dute behin-behineko errepide hori ahalik eta azkarren egitea. Dena dela, behin-behineko bide hori lurrezkoa izango da eta Abiadura Handiko Trenaren lanak egiten ari den enpresak auto bat utziko die.

No hay comentarios:

Publicar un comentario