Hendaiak eta Irunek Estatuek ezarritako “Espaina eta Frantzia” deritzotenaren arteko muga sufritu izan dugu urteetan zehar. Mugaren eragina zatikatzailea, halaber, ez zen Irun eta Hendaian bukatzen, Euskal Herriko herri guztietara hedatzen baitzen. Muga desagertu ondoren gauzak ez ziren egun batetik bestera aldatu eta muga ikustezin bat geratu zen gure artean. Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko elkar ezagutza eta harremanak hobetzeko denbora behar duen prozeso eder bat abian dago ezkeroztik.
Herri berbera izanik kolonizazio mota ezberdinak sufritu izan ditugu Bidasoaren bi aldeetara bizi garenok eta horrek zaildu egin du hainbatetan bata bestearengaindiko hurbilketa. Egun, Euskal Herriaren baitako zatiketa areagotuko lituzketen muga berrien mehatxuak aurrez aurretik ditugu.
Horietako bat AHT eta berarekin etorriko zen lurraldearen eraldaketa sakona. Izan ere, MUGA BERRI honek eta berari atxekitua doan metropolia luzeera 470 km.eta ehundaka hektareen baliokidea izango zen eta hamaika herri eta auzo zatituko lituzke. Europar, Espainar eta Euskal elite agintariek ezarri nahi digute muga berri hau eta horrekin batera beste kolonizazio mota, oraingo honetan garapenaren, modernitatearen, indibidualismoaren eta abiaduraren kolonizazio mentala.
Hemengo biztanleok gure kostaldea, mendialdea, padurak, bailaratxoak, muinoak, basoak, errekak eta landak ikaragarri maite ditugu, gure altxorrak dira. San Martzial, Olaberria,Osinbiribil, Meaka, Ibarla, Ollakinta, Plaiaundi, Aiako Harriak eta Jaizkibel dauden bezala nahi ditugu. Mendeetan zehar hiri historikoak lurraldea behar zuen eguneroko hornikuntzarako eta hori dela eta gure bazterrak gure arbasoen eta naturaren arteko elkarrizketaren emaitza eta kultura iraunkorraren adierazle dira. Gure ingurua historiari dago lotuta eta gure memoriaren gordelekua da. Egun eta etorkizunari begira inguruko lurrak elikagai burujabetzaren bermatzaileak dira.
AHTren eta berari atxekita datorren metropoliaren hedapenak gure lurraldea eta horrekin batera gure natura, istoria eta memoria betirako ezabatuko lituzkete. “Muga berria”k edo metropoliak ez du inguruko lurralderik behar eta urrundik ekarritako elikagai eta baliabide material eta enerjetikoen menpe dago. Aurreikusitako plangintza oztopatzen ez badugu pertsonen eta merkantzien garraiorako korridorea bilakatuko dute gure herria. Euskal Herriaren kokapen geografikoak gure herriaren gaindi dagoen Europako megalopoliak hornitzeko behar dituen salgaien pasabide eta biltegia bilakatzera garamatza. Ezin dugu hau inolaz ere onartu.
Hamaika azpiegitura zatikatu eta zementatu egiten dute jadanik gure lurraldea. Azpiegitura hauek ibilgailuei mugikortasuna errezten dieten neurrian pertsonei komunikazioa oztopatu egiten digute. Mugikortasunak beraz, natura eta pertsonen mugimenduaren etena dakar. Heriotza.
Hendaia eta Irungo herritarrok Abiadura Handiko Trenaren egitasmoa arbuiatuko duen manifestazioan batuko gara bi herri hauek eta Euskal Herriko beste hainbat herriek sufrituko lituzketen (eta jadanik sufritzen ari diren) kalteetaz ohartarazteko. Egitasmoaren bideragarritasunaren inguruan agintarien etengabeko gezurrak eta proiekto hauen bultzatzaileen interes ekonomiko eta politikoek AHTk gure naturari, jendarteri eta ekonomiari ekartzen dizkion kalte itzulezinak etengabe ezkutatzen dituztela salatu nahi dugu amankomunean.
Esate baterako, AHTk ez du Eusko Jaularitzak eta Akitaniako Eskualde Kontseiluak azpiegituraren beharra justifikatzeko adierazi duten helburu nagusirako balio, hots, Gasteiz Paris artean “trenbide autopista” martxan jartzea. Hori egin ahal izateko kamioien konteinerrak Modalohr izeneko bagoi erraldoietan sartu behar dira. Bagoi bakoitzak 400.000 euro balio du, dauden tunelak estuegiak dira bagoiak igarotzeko, eta trailerra bagoian kargatzerakoan bikoiztu egiten da mugitu beharreko masaren guztizko pisua.
Beraz, AHTk ez du balio “trenbide autopista” izateko aipatu arrazoiak direla eta.Orduan, zergaitik gezurtu gaituzte?
PhilippeEssig RFF (Frantziako ADIF)en presidentea Modalohr bagoien ekoizpenaren patentea duen enpresaren aholkularia eta merkataritza ordezkaria da.
Orain ulertzen dugu!
Hau guztia dela eta Abiadura Handiko Trenaren eraikuntza Hegoalden eta Iparralderako dauden planak bertan behar uztea exijitzen dugu.
Beatriz Arana y Mertxe González, Txingudiko AHT Gelditu! elkarlanako kideak
No hay comentarios:
Publicar un comentario