2010/01/09

AHT diruz laguntzeko erabakia errefusatu dute BABeko hainbat hautetsik


Baiona, Biarritz eta Angeluko herriko etxeak kudeatzen dituzten gehiengoen partaide diren hainbat hautetsik, hiru herriotako elkargoak, BABek, AHT berria diruz laguntzeko hartutako erabakia errefusatu dute. Linea berriak Baionan geltokia izateak ez du «ez bururik ez hankarik», horien iritziz, eta «Iparralde osoaren kontrako» erabakia dela uste dute. Hautetsiak ez dira fio, eta geltokiaren egitasmoa bera ere gezurra izan daitekeen susmoa agertu dute.
Baiona, Biarritz eta Angeluk osatzen duten herri elkargoak, BABek, AHT berria ordaintzeko hartu berri duen erabakia errefusatu zuten atzo herri horietako gehiengoen partaide diren hainbat hautetsik. Trenbide berriak Baionan geltokia izateak ez du, euren ustez, «ez bururik ez hankarik» eta geltokia atxikitzearen truke, «Iparralde osoaren kontra jo eta BAB-i berari kalte egin diezaiokeela», salatu dute Baionan egin agerraldian. Zehazki, Jakes Abeberry, Martine Bisauta, Michel Poueyts, George Daubagna eta Bernard Causse hautetsiek hartu zuten hitza.

Baionako kontseilari ekologista Martine Bisautaren iritziko, zalantza ugari izan ondoren BABek Tours-Bordele ibilbidea ekonomikoki kudeatzen parte hartzeko hartu berri duen erabakia «kontraesankorra» da. Abeberryk gainera, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako hautetsi gehienak linea berriaren aurka agertu direla ekarri zuen gogora eta, hortaz, erabakia «Iparralde osoaren kalterako» dela nabarmendu zuen.

Abiadura handiko tren batek geltoki gutxi izan behar dituenez, hautetsiek ez dute Baionako geltokia bideragarri ikusten; izan ere, hau egiteko «desbideratze bitxia» egin beharko litzateke ibilbidean.

Egitasmo honen xedea, «euskal hautetsi gehienek linea berriaren kontra sortu duten frontea haustea» dela deritzo Abeberryk eta, hortaz, etorkizunean RFFk Baionan geltokia egiteko proiektua albora lezakeelakoan dago; «inork ez luke harriduraz hartu behar RFFk gaurko hitza jan eta jarrera aldatzea», ohartarazi du.

Biarritzeko hautetsi abertzale Michel Poueyts-ek argi adierazi zuen agerraldian beraiek ez daudela «geroaren eta garapenaren kontra». Alta, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoarentzat «`zein gero mota nahi dugu?’ galdera pausatu» nahi dutela azaldu zuen.

Azpiegitura berriak ingurumenean izango dituen «eragin kaltegarriak» nabarmendu zituzten eta eraikitzea diru publikoarekin egitea gaitzetsi. Finean, «trena kudeatuko duen enpresa pribatuaren onerako», izango dela salatu zuten. Tren berriaren finantziazioaren alde bozkatuz, gainera, BABek bere gain 100 milioi euroko zorra hartuko duela azpimarratu dute.

Heldu den astelehenean, Bordele eta Hendaia arteko AHT egitasmoa kudeatzen duen taldeak bilera egingo du Bordelen, eta bertan ibilbidearen nondik norakoak finkatuko dituzte. RFFk orain arte proposatu dituen bi ibilbideetako bat -mendebaldeko edo ekialdeko bidea- haututako beharko dute.

Bilera garrantzitsua izan arren, hautetsiek ez dutela etsiko berretsi zuten agerraldian. «Egitasmoa aurkeztu zutenetik, hil ala biziko erabakia hartzeko tenorea zela sarri askotan entzun dugu, baina egiazki bost urteotan elkarteek egindako aurreikuspen guztiak bete dira eta egitasmoa errefusatzeko argudioak azkartu dira», amaitu zuten.

No hay comentarios:

Publicar un comentario