AHTaren kontrako manifestaziorako afixa gutxi egon arren, mobilizazio handietako giroa sumatzen zen atzo Baionako karriketan. Arratsaldeko bostetarako milaka ziren Baionako Lauga kiroldegian bildutako lagunak. Suprefeturara heldutakoan eman zuten jakitera kopurua. Poliziaren arabera, 9.600 lagun, eta Mixel Hiriarte Hego Lapurdiko herri elkargoko presidentearen arabera, 12.000.
AHT bide berriei ez! zen elkarretaratzeko arrazoia, eta ezohikoa bada ere, Errobi, Hego Lapurdi eta Errobi-Aturri herri elkargoen deialdira bildu ziren CADE eta Sepanso ingurumenaren aldeko elkarteak, besteak beste. Bizi elkarteko kideek berde koloreko tren luze bat osatu zuten AHTaren xedea gaitzesteko. Umorea eta aldarrikapena uztartu nahi izan zituzten.
Hiru herri elkargoetako auzapezek atxiki zuten manifestazioko buruko pankarta. Frantziako errepublikako tradizioari jarraikiz, xingola urdin-zuri-gorria ezarri zuten hautetsi gehienek soinean. Horrela apaindurik osatu zuten ibilbidea Christine Bessonart Senpereko auzapezak, Mixel Hiriarte Biriatukoak, Peyuco Duhart Donibane Lohizunekoak, Alain Iriarte Hiriburukoak eta Jean Jacques Lasserre Hautetsien Kontseiluko presidenteak. Henri Dagerre Ainhoako auzapeza izan zen pankartan xingola hori jantzi ez zuen auzapez bakarra.
Hiru herri elkargoetako hautetsien mobilizazioa nabarmendu zuen Biriatuko auzapez eta Hego Lapurdi herri elkargoko presidente Mixel Hiriartek. «Bostehun inguru gaude manifestazio honetan». Lasserrek ez zuen iragarri manifestaziora joanen zela. Azaldu zuen ez zela joana kontseilari nagusi gisa, Hautetsien Kontseiluko presidente gisa baizik. Baiona-Angelu-Miarritzeko hautetsien falta nabarmena zen.
Musika bidelagun
Manifestazio buruko pankartatik urruti, herrietako batzordeek alaitasunez eta musikaz jantzi nahi izan zuten AHTaren aurkako aldarria. Herritarren batzordeekin nahasirik joan ziren Berdeak, AB, Batasuna, Alderdi Antikapitalista Berria, LAB eta ELBko ordezkariak. AHT bide berriei ez! izan zen pankarta gehienetako lelo nagusia. Herrietako batzordeek tokian tokiko errealitatetik egin zuten aldarri bera. AHTrik ez, ez Azkainen ez nihun. Herriaren izena zen aldatzen zen gauza bakarra.
Manifestazioa 18:20 aldera heldu zen suprefeturara. Berehala, egoitza barnera sartu zen hautetsien ordezkaritza, eta, haiekin, Victor Pachon, CADEko presidentea.AHTaren kontrako mozio bat helarazi zioten suprefetari.
Ordezkaritza suprefeturatik atera zelarik, lehenik Pachon mintzatu zitzaien manifestariei, hautetsiek inguraturik. Jendeari eskerrak eman zizkion eskainitako sostenguarengatik. Gogoratu zuen AHTaren aurkako borroka 1992an abiatu zela, eta geroztik erabat indartu dela. AHTaren xedeak herritar eta hautetsi gehienen gaitzespena duela nabarmendu zuen. Gogora ekarri zuen Lapurdin egin diren bost galdeketetan, parte-hartzaileen %90ek AHTaren xedearen kontra bozkatu dutela. «RFFk eta Akitaniak ulertu behar dute herritarren haserrea kontuan ez hartzea akats larria dela». Mobilizaziorako deia berretsi zuen, gogoratuz auzi hau martxoko bozetako ardatza izanen dela. «Ez diegu emanen boz bakar bat AHTaren aldeko hautagaiei».
Txikizioari, ez
Hiriartek, bere adierazpenetan, ingurumenean suntsiketa eragiteaz gain, ekonomikoki ere sostengatzen ez den xedea dela nabarmendu zuen. «Zergatik onartu lurraldearen suntsiketa, behar ez den xede bat egiteko?». Bertze toki batzuetan beharrezkoa bada, Baionatik Bidasoara horrelako beharrik ez dagoela erran zuen. Girondatik etorritako ordezkari batek hartu zuen hitza ondoren, Hiriarteri gogoratzeko «etxean nahi ez dena auzoarentzat nahi izatea» ez dela bidezkoa.
Azaroaren 6an, Hego Lapurdiko herri elkargoaren egoitzan bilduko dira RFF eta xedeari buruzko ikerketa egin duten suitzar adituak, ikerketa berria eztabaidatzeko.
No hay comentarios:
Publicar un comentario